7.7. Araudi berriak eraginpeko kolektiboetan duen eragina
Menpekotasun-egoeran dauden pertsonen eta haien familia eta inguru sozialaren kolektiboak ordezkatzen dituzten elkarteek, gizarte-erakundeek eta organismoek, menpekotasun-egoeran dauden pertsonek eta zaindari nagusiek –gurekin hitz egin dutenek– balio handiko informazioa eman digute. Azken finean, legearen azken hartzaileen iritzia eta balorazioa da, eta horiek dira legeak barne hartzen eta lortu nahi duen guztiaren protagonistak.
Hainbat kolektibo (adineko pertsonak, hiru urtetik beherakoak, ezgaitasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala duten pertsonak eta gaixotasun mental bat duten pertsonak) babesten eta ordezkatzen dituzten erakundeen ikuspuntua bildu dugu.
Elkarteetako asko bat datoz bai egiten duten balorazioari dagokionez, bai helarazi dizkiguten proposamenei dagokienez; eta, horrez gain, beren ikuspuntua ere adierazi dute, kasuan kasu ordezkatzen duten kolektiboaren behar berezien arabera.
Denek jotzen dute positibotzat legearen onespena; bereziki, barne hartzen dituen prestazioak eta zerbitzuak eskuratzea eskubide subjektibotzat jotzen duelako. Hala ere, itxaropen asko piztu dituela eta beti ez dituela ase uste dute. Era berean, benetako beharrekin eta beharrezkoak diren baliabide ekonomikoekin lotuta behar besteko plangintza falta izan dela pentsatzen dute, eta sistemaren iraunkortasun publikoagatik kezkaturik agertu dira.
Batzuen ustez, ezarpen-epea –8 urte– luzeegia da eta 5 urtekoa egokiagoa izango litzateke, Gizarte Zerbitzuen Legearen kasuan bezala. Arlo komunetan lege horrekiko koherentzia mantentzeko ere eskatzen dute. Halaber, gizarte-zerbitzuen egungo ereduari eta horien bideragarritasunari (zahartze-tasak eta, ondorioz, menpekotasunak gora egingo dutela kontuan hartuz) buruzko eztabaida bat proposatu dute.
Gizarte-zerbitzuetan egon zen saturazioagatik (lehenengo ezarpen-urtean bereziki) kexatzen dira. Legeak ez duela zerbitzuetarako eskubide unibertsala bermatzen uste dute, izan ere, menpekotasun-kalifikazioa duten pertsonei soilik ematen die arreta; baina positibotzat jotzen dute ordura arte babesaren sarera jo ez zuten pertsonengana hurbildu dela eta gizarte-zerbitzuak eskuratzeko aukera eman zaiela. Informazio gehiago eta hizkera ulerterrazagoan eman dadila ere eskatzen dute.
Lurralde historikoetan legea oso modu desberdinean garatu dela eta horrek lurraldeen artean desberdintasunak eragiten dituela kritikatzen dute. Egoera desorekatuak salatu dituzte, baita herrien artean ere. Bizkaian prestazio eta zerbitzuetarako ezarri den bateraezintasunaren kontra agertu dira. Ezinbestekotzat jotzen dute esparru autonomikoan koordinazio handiagoa egon dadila. Bestalde, ez daude ados Estatuko autonomia erkidegoen artean ikusten ari diren desberdintasunengatik, eta, horren harira, EAE egoera onean dagoela onartzen dute.
Haien ustez, legeak barne hartzen dituen prestazio ekonomikoak berritzaileak ziren arren, araudi honek gure autonomia erkidegoak lehendik ere bazeukan gizarte-zerbitzuen oinarrizko arreta bermatzen du, eta, ondorioz, ez du aurrerapen handirik ekarri. Halaber, faltan botatzen dute osasun-sistemarekiko koordinazioa eta esparru sozio-sanitarioaren garapena. Era berean, elkarteen arabera, legea laguntzera bideratuta dago nagusiki, eta, ondorioz, ez du autonomia sustatzeko ekimenik eskaintzen, eta ez ditu kontuan hartzen zahartze aktiboa bultzatzen duten alderdiak.
Menpekotasuna baloratzeko baremoak (MBB) kritika ugari jaso ditu. Haien ustez, ez da egokia: izaera funtzionala edo motorreko menpekotasunak hartzen ditu kontuan, baina ez dago menpekotasun intelektual edo kognitiboetara edo gaixotasun mentaletara bideratuta. Ez du aldi baterako menpekotasun-egoera barne hartzen, behin betikoa baizik. Balorazioak egiten dituzten teknikariei dagokienez, elkarteen ustez prestakuntza handiagoa behar dute eta baremoa aplikatzeko irizpideak bateratu behar dituzte. Baremoa aplikatzerakoan askotariko irizpideak erabiltzen direnez, oso menpekotasun-egoera antzekoetarako gradu eta maila desberdinetako ebazpenak ematen dira. Era berean, menpekotasun-egoeran dagoen pertsonarengandik jasotako informazioa eta haren familia edo ingurutik jasotakoa alderatzea oso garrantzitsua dela azpimarratzen dute.
Aurrekoarekin bat etorriz, haien ustez baremo honek –eta legeak oro har– oso aintzakotzat ditu adineko pertsonak, baina ez hainbeste beste kolektibo batzuk, adibidez, menpekotasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala edo gaixotasun mentala duten pertsonena. Baremoak ez dituela jokabidearen alterazioak neurtzen salatzen dute, baita ez dituela hartutako kalte zerebralek dakartzaten disfuntzio kognitiboak edo menpekotasun handia sortzen dutenak behar bezala neurtzen ere.
Halaber, orokorra da zaindarien lanaren balioespena eta familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) ezartzeko aukerarena ere. Aldi berean, beldur dira kasu batzuetan horrek ez ote duen baldintzatzen menpekotasun-egoeran dagoen pertsonak zerbitzu jakin batzuk eskuratzea edo ez ote dion ideia burutik kentzen. Hori dela eta, etxez etxeko laguntza eta eguneko zentroak prestazioarekin batera gehiago erabili beharko liratekeela uste dute; hartara, beren etxean geratzeko aukera emango litzaieke. Elkarte batek baino gehiagok adierazi du senide eta zaindarientzako babesa sustatu beharko litzatekeela, baita menpekotasun-egoeran dagoen pertsonari eskaintzen dioten arretaren kalitatea egiaztatzeko kontrolak ezarri beharko liratekeela ere; izan ere, "FIZPEren ordainketak, berez, ez du bermatzen arreta ona eskainiko denik".
Zenbait elkartek faltan botatzen dute sisteman parte-hartze sozial handiagoa egotea, eta legeak ez duela elkarteen mugimendua kontuan hartu diote. Hori dela eta, elkarteren batek planteatu du legearen 40. artikuluan aipatzen den kontsulta-batzordean mugimendu horrek parte har dezala.
Zerbitzuarekin lotutako prestazioa arautzea eskatu dute (Bizkaian)[92], eta laguntza pertsonalerako prestazioa ez dadila mugatu hezkuntza-sisteman edo lanean dauden pertsonetara soilik ere eskatu dute. Autonomia bultzatzeko bide gisa jasotzea nahi dutela adierazi dute, Gipuzkoan egin den bezala.
Halaber, elkarte batzuek proposatzen dute prozedura sinplifikatzea, epeak laburtzea eta erantzun azkarra eskatzen duten egoerak kontuan har daitezela. Bestalde, menpekotasunaren balorazioari buruzko administrazio-ebazpenekin batera item bakoitzean jasotako puntuazioak islatzen dituen balorazioaren txosten teknikoa aurkez dadila eskatzen dute, errekurtsoa aurkeztuz gero elementu objektiboak eskuragarri izateko.
Azkenik, 60 urtetik beherako pertsonak ordezkatzen dituzten elkarteek zerbitzu gehiago eta haien behar espezifikoetara egokituta egon daitezela eskatzen dute.
7.7.1. Osasun mentaleko arazoak dauzkaten pertsonen kolektiboaren inguruko erreferentzia berezia
AMALek oso eragin txikia izan du gaixotasun mentalak dauzkaten pertsonen kolektiboan, eta, zerbitzuak edo prestazioak eskuratzeari dagokionez, ez dute areagotze garrantzitsurik izan.
Administrazioaren nahiz sare sozialaren ustez, menpekotasuna baloratzeko baremoak (MBB) gutxietsi egiten du arazo horiek dauzkaten pertsonen menpekotasun-egoera –berez ez dago pentsatuta gaixotasun mentaletarako–, ez baitira behar bezala kontuan hartzen beren autonomia pertsonalerako behar dituzten laguntzak –gehiago daude lotuta ekimen– eta motibazio-arazoekin arazo funtzionalekin baino–; MBBk gaixotasun mentaletarako barne hartzen dituen egokitzapenak ez dira nahikoa kanpoko laguntzaren beharra edo besteekiko menpekotasuna baloratzeko. Haien ustez, esleitutako baliabideak urriak dira, beharrezkoa da kolektibo horrentzat egoitza–, laneratze– eta gizarteratze-baliabide berriak sortzea, gaur egungoak ez baitira nahikoa, eta bereziki kezkagarria da gaixotasun mentalen bat duten 60 urtetik gorako pertsonen egoera.
Lurraldeen artean desberdintasunak daude menpekotasun-egoeran dauden eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonei arreta eskaintzeko baliabideen (normalean izaera sozio-sanitariokoak dira) ezarpenean eta haien finantzaketan duten parte-hartzean.
Bestalde, osasun-administrazioak ohartarazten du gizarte-zerbitzuen eta osasun-zerbitzuen artean koordinazio egokia egon ezean balitekeela banakako tratamendu-plana (BTP) –osasun mentaleko sarean erabilitako tresna, besteak beste, pertsona bakoitzari esleitu beharreko baliabide egokiak zein diren zehazten duena– ez etortzea bat gizarte-zerbitzuen egoitzan prestatutako Banakako Arreta Planarekin.
Kolektibo horri zuzendutako egoitza-baliabideen eskaintza, laneratzea eta gizarteratzea ez dela nahikoa ikusten dugu.